Gira tu dispositivo a modo "landscape"

Bienvenidos al Portal de Vital

 
contacto

Pobreziaren aurkako borroka

Egunez egun, gure gizartean pobrezia eta bazterketa modu berriak azaltzen dira. Horiek antzematea eta estualdian daudenen egoera bere onera ekartzea denoi dagokigun lana da. Vitalen Gizarte Ekintzak gizartean baztertuen dauden taldeen oinarrizko beharrei erantzuna emateko jarduerak garatzen laguntzen du.

 

Berakah

Vitaleko Gizarte Ekintzak berretsi egin du 2009an Vitoria-Gasteizko Alde Zaharreko Pastoral Barrutiarekin (Santa Maria, San Pedro, San Vicente eta San Migeleko parrokiak barne) hartutako konpromisoa. Horren xedea da Arabako familia eta pertsona behartsuenen oinarrizko premiak asetzea; batez ere, krisiak eraginda, egoera kaskarrean daudenei. Gizarte Ekintzak Berakah programari emandako diru-laguntzari esker, ogitartekoak, jantokirako txartelak eta hileroko janari-poltsak banatzen dira. Gainera, lege eta arlo juridikoko gaietan aholku ematen zaie behar dutenei, baita trebakuntza eta autoenplegurako baliabideak ere, edota arreta psikologikoa, eskola osterako laguntza edo etxebizitza kontuetarako bitartekotza zerbitzua ere, besteak beste.

Horrela, Vitaleko Gizarte Ekintzak erakundeengandik behar bezalako zerbitzua jasotzen ez dutenentzako ekimenak sendotzen laguntzen du. Hain justu ere, hauentzat guztientzat: oinarrizko premietarako adina diru-sarrera ez daukaten familiak, lanpostua eskuratzeko zailtasunak dituzten iraupen luzeko langabetuak, beste inolako laguntzarik jasotzen ez duten eta etorri berri diren immigranteak, edo gauzak okertu ahala euren oinarrizko eskubideak urratuta ikusi dituztenak eta gizarte-bazterketa egoeran daudenak.

 

Janari-poltsak, jantokiko txartelak eta ogitartekoak

Azken urtean, hitzarmen honi esker, Berakah programak 5.500 janari-poltsa inguru banatu ditu 5.400 familiarentzat (guztira, 20.000 pertsona ingururentzat). Poltsak hilean behin banatzen dira eta familiak berritu edo txandakatu egiten dira; gutxi gorabehera, urtean 250 familiari arreta egin ahal izateko.
Bestalde, hitzarmenaren diru-laguntzarekin, 3.840 jantokiko txartel eta 41.500 ogitarteko baino gehiago eman ditugu urtero. Astero, 78 pertsonari eman dizkiegu jantokiko txartelak, eta ogitartekoak, eguneko 135 pertsonari. Kontuan izan behar da ogitarteko beroen zerbitzua gaizki jaten dutenei edo zer jan ez dutenei eskaintzen zaiela, eta horiek ez dutela familia-unitatea osatzen; hortaz, ez daukate janari-poltsa jasotzeko eskubidea.

 

Bidegurutzea

Vitaleko Gizarte ekintzak Bidegurutzea izeneko elkartearekin egiten du lan, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendutako arreta programetan. Bidegurutzeak bi babes etxe kudeatzen ditu, eta bertan erabateko arreta ematen zaie, zehazki alkoholak edo beste substantzia batzuek eragindako mendekotasunak dituztenei eta buruko gaitzen bat dutenei.
Etxe horietan gizonezkoak zein emakumezkoak bizi dira, 18 eta 65 urte bitartekoak. Bertan daudela, Arabako Lurralde Historikoko Buruko Osasun Zerbitzutik ere arreta egiten diete. Ez dago zehaztuta zenbat denbora geratu daitezkeen beste baliabide batzuetara bideratu aurretik, dela adinekoen egoitzetara, dela euren beharretarako egokiagoak diren zerbitzuetara.

 

Bizitza Berria

Egitasmo horren xedea etxerik ez duten pertsonen integrazioa da. Bizitza Berriak, Vitaleko Gizarte Ekintzaren laguntzarekin, gizarte-bazterketa egoera oso larrietan dauden pertsonen beharrei erantzuteko programak eta zerbitzuak garatzen ditu.

 

Esku-hartze programak:

  • Hurbiltasuneko hezkuntza programa. Hezkuntza taldeko kideen esku-hartze zuzena gizarte-bazterketa egoera oso larrietan daudenekin, dauden tokian bertan. Ekimen horren helburua pertsona hauei banan-banan laguntzea da, harik eta bizitza-kalitate eta ongizate hoberena lortzen duen arte, ahal den neurrian.
    • Gizarte-bazterketa kasu berriak antzematea, arreta egitea eta aholku ematea.
    • C.I.S Hogar Betoño zentroan bizi direnei gizarte-laguntza ematea, eskura dituzten baliabideak erabili ditzaten; hau da, hezkuntza-taldeko kideek bitartekaritza lanak egiten dituzte pertsonen eta baliabideen komunitate-sarearen artean.

 

  • Orientazio eta trebakuntzako Ehunate zentroa. Gizarte-baliabide honek arreta profesionala emateko eta gizarte-bazterketa egoerak balioztatzeko prebentziozko programa bat garatzen du, bi ardatz nagusitan oinarrituta:
    • Arreta sozialeko zerbitzua.
    • Trebakuntza eta enpleguratze gela.

 

  • Hogar Betoño gizarte-integraziorako zentroa. Egoitza programa honetan 24 pertsonentzako lekua dago. Etengabeko arreta zerbitzuak eskaintzen ditu, eguneko 24 orduz, urteko 365 egunetan. Pertsonentzako ezinbestekoak diren lana, etxea eta segurtasuna irizpide nagusi hartuta, esku-hartze proiektuak bideratzen ditu.

 

  • Nork bere gain bizitzen laguntzeko programa. Honen xedea da pertsonei euren autonomia lantzen lagunduko dieten bizikidetzako inguruneak sortzea. Horrela, dagoeneko beste zerbitzuetako hartzaile direnei etxea beste batzuekin konpartitzeko aukera emango zaie aldi baterako, bizitza normala eraman dezaten eta euren bizitzako egunerokoak berrantolatzeko gai izan daitezen; hori guztia, dagozkien hezkuntza-prozesuak gauzatuta. Programa honetan bi etxebizitza daude 10 lagunentzat.

 

  • Laneratzeko Sabai&Lan programa. Enpresa honek komunitatearentzako ondasun eta zerbitzuak sortzen ditu, lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak dituztenei trebatzeko aukera eta zaintzapeko enplegurako sarbidea emanez. Era berean, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei lan-merkaturatzeko trebakuntza eta gaitasunak eskuratzen laguntzen die, zaintzarik gabeko lan-merkatuan baldintza berdinak izanda lehian aritzeko gai izan daitezen.
 

Bultzain

Gizarte Ekintzak Bultzainek, ezgaituei eta gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei babesa emateko elkarteak, garatzen dituen laguntza-, gizarteratze- eta aisialdi-programak diruz laguntzen ditu.

Bultzain elkarteak bertan behera utzitako etxegabeei ostatua eta babesa ematen die, eta eskaintzen zaien laguntza errespetuzkoa eta duina da beti. Lo egiteko toki bat eskaintzeaz gain, bazterketa egoera horretatik irteten laguntzeko, etxegabeen oneratze-pertsonala eta soziala helburu duen prozesuari ekiten diote.

 

Erantsi

Erantsi elkarteak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak onera ekartzen laguntzen du. Kudeatzen dituen babes etxeetan, esaterako, birgizarteratze-prozesuan laguntzeko programa indibidualak garatzen dira. Vitalen Gizarte Ekintzak elkarte honekin lan egiten du, normalizazio- eta aisialdi-programen garapenean.
Egoitza-zerbitzuak 18 eta 65 urte bitartekoentzat dira, hain zuzen, buruko gaixotasunak edo alkoholak eragindako mendekotasunak dituztenentzat, eta ondoko zerbitzuak eskaintzen dira:

  • Oinarrizko beharrei erantzuteko laguntza-zerbitzuak.
  • Ohitura osasungarriak eta arduratsuak sustatzea.
  • Trebetasun sozialak eta garapen pertsonala indartzea.
  • Lanerako prestakuntza eta aisialdi-jarduerak.
  • Autoestimua, askatasuna eta autonomia garatzea.

 

Menú de pie de página

Cookien politika

Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, erabilerraztasuna hobetzeko eta zure nabigazioa pertsonalizatu eta aztertzeko. Saioarekin aurrera egiten baduzu, horien instalazioa onartzen duzula joko da. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu gure Cookien Politika.